Tallerra

Espresio-tailerra_Taller de expresión

Hezkuntza Sortzailea

Sorrera. ARNO STERN (Kassel 1924)

Bigarren Munduko Gerra bukatu zenean, Arno Stern-ek 22 urte zituen, eta errefuxiatu zentru batean gerrako umezurtz talde bat zaintzen hasi zen. Margo eta pintzel batzuk eskuratu eta margotzeko espazio bat antolatu zuen. Arnok ez zuen inolako nozio artistikorik ezta marrazkiari buruzko ideiarik ere. Bere helburua bertan sortzen ziren beharrak kontutan hartzea izan zen, eta haurren proposamenetatik abiatuz espazioa antolatzea. Haurrek izugarri gozatzen zuten.

Ia konturatu ere egin gabe, funtzio jakin bat betetzeko egokia zen egitura bat moldatua zuen eta bizitza osoan interes-gune izan duen jolasari ekina zion: “Margoketa Jolasa-ri” alegia.

Hamaika galdera erantzun eske zerabiltzala, 60-70. hamarkadan munduan barrena bidaiatzea erabaki zuen, beti ere, eskolaratu gabeko komunitateekin harremanetan jartzea zuela helburu; behin hara bertaratu eta gero, margotzeko beharrezko zituzten materialak eskaintzen zizkien.

Aho bete hortz geratu zen lortutako emaitzekin. Han egiten zituzten irudiak ez ziren Parisekoak bezalakoak, baina, esan zitekeen trazuak bazutela nolabaiteko antzekotasuna elkarrekin inolako harremanik ez zuten herrialdeen artean ere; hala nola: Guatemala, Mauritania, Afganistán, Peru, Niger eta… bai! Baita Pariseko trazuekin ere.

Hala, Arnok errepikatzen ziren trazu eta egitura guztiak aztertu zituen, eta baita trazu hauek egiteko eran ematen ziren antzekotasunak identifikatu ere. Ondorio bezala, honako hauxe zioen: guzti hau ikusita, barne arauak dituen kode unibertsal baten aurrean gaudela esan dezakegu. Kode arautu honi ”Formulazioa” izena ezarri zion.

Hezkuntza Sortzailea

Arnok, beraz, Formulazioa era honetan deskribatzen du:

“Bere arau propioak jarraituz eratzen den sistema autonomoa eta unibertsala da. Adierazpen naturala da eta bere garapena, kanpotik datorren edozein ekarpenetik at dago.

Bere jatorria Oroimen Organikoan dago: oroimen horretan lehen haurtzaroko, sentsazioak, sentimentuak eta bizipenak biltzen dira eta baita jaio aurretikoak ere.

Fetu bakoitzak bere erara bizi dituen gertaera hauek, Formulazioko irudietan transkribatzen den programa jakin batek arautzen ditu. Irudi hauek, programa genetikoak eragiten dituen gertaeren oihartzuna dira.”*

Hezkuntza Sortzailea

Arnok 70 urtetik gora daramatza ikertzen eta Parisen duen tailerrean asistentzi-lanean jarduten du. Bere helbururik nagusiena hain zuzen ere, Formulazioa ezagutaraztea izan da, alde batetik haurren jolasa interpretazioekin apurtua izan ez dadin; eta bestetik, ahalik eta baldintza egokienak eskaintzen saiatu izan da, benetan haurraren jolasa erraza eta oztoporik gabea suerta dadin.

Hezkuntza Sortzaile batetarako ezinbesteko baldintzak beraz, honako hauek ditugu: batetik ikaskuntza-prozesuan parte hartzen ari direnen aldamenean egotea inor zuzendu edota epaitu gabe, nor bere esperientzi-pertsonaletik abiatuko bada ere bidean sortzen zaizkion beharrak kontutan hartzea eta ahalik eta anitzena den talde batean lan egitea, giro honetan konparaketa zilegi ez delarik.

“Formulazioa ezagutzen denean, gauza jakina da haurrak ez duela komunikatzeko marrazten. Ez du marrazten zerbait adierazi nahiean ari zaigulako. Berea den mundu bat eraikitzeko marrazten du, eta arrotza denak ez du sarbiderik bere-berea duen mundu horretan.”*

Hezkuntza Sortzailea

*Arno Stern. Del dibujo infantil a la Semiología de la Expresión liburutik jasotako testu eta irudiak.