Plastika eta marrazketa-irakasle gisa urte luzez aritu nintzen lanean, bai ikastetxe eta kultur-etxeetan ere, eta han-hemenka lanari gogoz heltzen zion haur eta gazte asko ezagutu nuen. Gelan sartu orduko jakin-gose eta begiak zabal, aurrez aurre izaten nituen: gaurkoan zeri ekingo diogu?
Zorte honeko sentitzen nintzen. Ikaragarri gozatzen nuen. Haiek gogoz ekiten zioten lanari eta, horri eskerrak, hamaika proiektu jarri genituen erakusgai; hainbatetan, kritika onak eskuratu ere, eskuratu genituen. Gure lanak dibertigarriak, sortzaileak… omen ziren.
Egun batean jolas haiek nireak zirela konturatu nintzen. Sormen lan haiek nire baitatik ateratzen zirela. Itsuturik nengoen, ez bainintzan aurrez aurre nituenak ere ikusteko gai izan, egiazki haur-gazte horiek ezagutzen ez nituela jabetu nintzen, arrotz zitzaizkidala. Zeintzuk ziren egiaz haien premi eta gogoak? Zer ote haien gustuko? Egiten zutenakiko interesa bazutela eta lanean jardunez gozatzen zutela, hori begibistakoa zen, baina haiek eta ni, ni eta haiek, ez geunden parez pare. Gure arteko harremana, nolabait esatearren, menpekoa zen, baldintza beretan ez ginen ari. Haiek nireak ziren proiektuetako partaide ziren. Tresna hark, porrot egin zuen.
Une hartantxe, Miguel Castro eta Vega Martini eskerrak, Hezkuntza Sortzailea ezagutzeko parada izan nuen. Interes handia piztu zitzaidan orduan baina egia da hasarrarazi ere egin ninduela. Izan ere, abiapuntuak oso bestelakoa izan behar zuela jabetu nintzen: artean ekintzari eta neronek aholkatutakoari ekiten genion lehenik, eta aurrerantzean entzule papera hartzea zegokidan. Haiek entzun behar nituen lehenbizi.
Hala, emeki baina harian-harian aurre hartzeko nuen joera piskanaka itzaliz joan zen eta horrekin batera aurrean nituenak ikusten, entzuten eta ezagutzen ere hasi nintzen; erne egoten ikasi nuen, baina sekula nere baitatik zetorrenari aurre egiten utzi gabe.
Gaur egun, gozamena da niretzat Tallerra bezalako espazio bat eskaintzea. Bertan daudenak beren denbora, beren jolasa... ingurukoekin batera partekatzen dute, inoiz beldurrari aurre eginez, inoiz beren baitako leihatiletatik hegaldatzen denari leku eginez. Ahultasunak oro plazaratzeko leku bat topatu dute, baina era berean, espazio seguru bat ere bada, bertan babesa sentitzen dute eta. Gurean ez dago norabidea aldaraziko duen inor, nor bere prozesuaren gidari baita. Gurean, intimitate-uneak elkarrekin bizitzen ditugu.
Eta bien bitartean… atzera nire jolasa berreskuratzea da nire nahia.
“Izan ere, zeuregan daramazun hura, inork ez diezazuke ebats, zeure-zeurea duzu-eta! Eta, hori gal ez dezazun egoerari aurre egiten diozun bakoitzean, zu zeu zarena izaten osatzen zaituen barne-altxorra, hazitzen ari da zeuregan.”
Osho